“SOCIAL MEDIA” by elfphabet2

VIEWS: 112 PAGES: 2

									                       “SOCIAL MEDIA”

      Lehenik eta behin, esan beharra dago, bideo hau oso baliagarria dela egungo
gizartean informazioarekin gertatu dena ezagutzeko. Izan ere, konplexuak, abstraktuak
eta urrunekoak diren kontzeptuak erabili beharrean, adibide baten bitartez eta modu
dibertigarri batean azaltzen du fenomenoa. Horrela bada, bideoak, batetik, interneten
aurretiko egoera eta asmakizun horrek suposatu zuena eta, bestetik, web 1.0 eta web
2.0ren arteko desberdintasunen azalpena eskaintzen du.

      Hau da, ikus entzunezko dokumentu honetan, izozkien produkzioa adibidetzat
hartuta, informazioarekin gertatutakoa kontatzen da. Hots, hasiera batean, “izozki”
(informazio) fabrika bakarra zegoen herrian eta horrek hiru zaporetako izozkiak baino
ez zituen ekoizten. Herritarrak pozik zeuden eta ez zuten bizitzeko beste modu
desberdinik kontenplatzen. Alabaina, egun batean, guztiei beraien “izozkiak” egitea
ahalbidetzen zien tresna bat eskuratu zuten (internet) eta “zapore askotako izozkiak”
ekoizteari ekin zioten. Baina, informazio horrek norabide bakarra zuen,
egilearengandik, hartzailearengana (web 1.0) eta, horrenbeste zaporetako “izozkiak”
(informazioa) sortu zituzten, ezen arazo bat suertatu zitzaiela: nola bilatu bakoitzak nahi
duena? Ondorioz, ekoizleek, erosleen iritzia eta balorazioa eskatzea pentsatu zuten,
elkarren arteko komunikazioa sustatuz. Momentu horretatik aurrera, bi noranzko
erlazioa eratu eta sare handi bat sortu zen, guztien artean ahalik eta “izozki” onenak
egiten saiatzen zirelarik (web 2.0).

      Egia esan, hau oso adibide esanguratsua da informazioarekin, hedabideekin eta
gizartearekin gertatu dena ulertzeko, adierazitakoak horrela direlakoan nagoelarik.
Horixe da informazioarekin gertatutakoa, orain guztiok garela aldi berean ekoizle eta
kontsumitzaile, hain zuzen ere. Eta, horrekin batera, gorago aipatu bezala, arazo larri bat
agertu da: nola bilatu bakoitzak nahi duena? Orain, “guztiok” sortzen dugu informazioa
eta ez fabrika batek bakarrik, baina, horrenbeste aukerarekin, zelan jakin non dagoen
guk behar duguna? Zeregin hau errazteko, etiketak asmatu zituzten eta, hauen bitartez,
erabiltzaileek informazio, bideo eta gainontzekoen deskribapena, puntuazioa eta iritzia
eman dezakete, horrela, ekoizleari bere produktua hobetzen eta beste kontsumitzaileei
onena aukeratzen lagunduz. Hots, feedbacka agertu zen, lehen aipatutako bi noranzko
erlazioa.

      Hala ere, nire uste apalean, oraindik orain, sarean nahaste handia dago. Egia da,
bilatzaile eta etiketek lana errazten dute, baina, bilatzaileek, esate baterako, zergatik
ematen dizkigute helbide batzuk eta ez besteak? Benetan informazio guztia erakusten
digute? Are gehiago, bilaketa egin ondoren, orrialde askotara sartzeko estekak lortzen
ditugu, baina, oraindik, bakoitza aztertu eta informazioa diskriminatu beharra daukagu.
Beraz, teknologia ez dago horren garatuta. Eta, ez hori bakarrik, etiketak ere
lagungarriak gerta dakizkiguke, baina, nork daki komentario horiek zeinek idatzi
dituen? Beharbada, nonbaitera sartu eta bideo baten bila gabiltzala, txarra dela irakurri
dezakegu. Alabaina, iruzkin hori dokumentua ulertu ez duen edo jolasten ibili den sei
edo zortzi urteko haur batek eginikoa izan daiteke (berak edozein identitate asmatu
dezakeelako eta gure aurrean gizon edo emakume heldu bezala azaldu) edota, bideoan
jorratzen den gaiaren inguruko aurkako iritzia duen berrogei urteko pertsona batek ere
burutu dezake. Horrela, beharbada, oso dokumentu ona izan daiteke, gu bilatzen
gabiltzana, baina ez dugu ikusiko, informazio piloa egotean, zerbait egin ahal izateko,
besteek esandakoa nolabait sinetsi beharra dagoelako. Ezin gaitezke dena aztertzen hasi.
Beraz, feedbackari esker informazioa elkar osatzeak sarea “sozialagoa” bihurtu eta
“guztion” partaidetza ahalbidetu badu ere, bere alderdi negatiboa ere badu eta kontu
handiz ibili beharko gara, hau guztia kontrolatzeko mekanismoak ezinbestekoak
direlarik.

      Ildo horretatik, jende askok dauka informazioa sortzeko aukera, baina, kantitatea
handitu bada ere, kalitatearekin zer gertatu da? Bideoan esaten denaren arabera,
kalitatea ere gero eta hobea da, batak besteak egindakoa osatzen duelako. Hala ere, hau
oso zalantzagarria da. Izan ere, bakoitzak bere egia kontatzen du, sarri askotan,
kontrastatu gabeko “egia” eta gero eta zailagoa da zerbait benetan nolakoa den jakitea,
iturri asko eta oso desberdinak (batzuetan kontraesanean daudenak) dauzkagulako.
Gainera, sarea horren “soziala” da, besteekiko begirunea eta errespetua galdu eta
nonbaitetik informazioa ateratakoan ez dugula iturria aipatu ere egiten. Hots, oso ohikoa
da besteen lana geure egitea, guk idatzi izan bagenu legez erabiltzea. Ondorioz, hau
kontrolatu eta urteetako ikerketa lanak ez zapuzteko ere bitartekoak behar dira.

      Nolanahi ere, bideoan azpimarratzen den moduan, informazio hori guztia “jendeak
jendearentzat” egindakoa da. Hala ere, benetan jendeak jendearentzat eginikoa da,
benetan “social media” da? Nik, which society’s media? galdetuko nuke. Hau da,
internet eta gainontzeko baliabideak ez daude guztion esku, aitzitik, munduko estatu
jakin batzuetako biztanle zehatz batzuek bakarrik daukate informazioa sortu eta
eskuratzeko aukera, feedbacka gutxi batzuen kontua da. Beraz, informazioaren gizartea,
ezagutzaren gizartea, guztiona den sarea aipatzen direnean, gezurra esan eta errealitatea
estaltzen ari gara, horretarako eskubiderik ez duten pertsonez ahaztu eta beraien egoera
gero eta kaskarragoa bilakatuz (albo batera uzten ditugulako). Hori dela eta, bideo
honek mezu positiboak bidaltzen baditu ere, egungo “social media hauen aldeko jarrera
agertzen badu ere, dena ez da horren “plain” (sinplea) eta polita eta hori ezin dezakegu
ahaztu, bestela, eten digitala eta bazterketa soziala nagusi diren mundu bat eratuko dugu
eta ez gizarte konektatu bat.

      Hortaz, bideo honek egungo mendebaldeko gizartearen jatorria eta
funtzionamendua azaltzen ditu, oso modu ulergarri batean azaldu ere, baina ez du
errealitate guztia aurkezten, zatirik onena baino ez. Hala ere, hausnarketarako bide
ematen du eta, ondorioz, baliagarria da. Ildo horretatik, irakasle lanetan aritzerakoan
kontuan hartu beharreko hainbat aspektuz ohartarazi nau. Horrela, bilatzaileak eta
etiketak egon arren, haurrei informazioa aukeratzen eta bilatzaile eta etiketa horiek
modu kritiko batean erabiltzen erakustearen garrantziaz ohartu naiz. Ez da nahikoa
googlen edo youtuben sartu eta informazioa topatzeko esatea, aitzitik, irizpide batzuk
ere eskaini behar dizkiet, bestela, galdu eta nahastu egingo baitira. Eta, ez hori bakarrik,
web 2.0an beste batzuen lana eraldatzeko aukera izango dutenez, besteen lanarekiko
errespetua ere transmititu behar zaie, azken finean, portaera arau batzuk ere ikasi behar
dituzte gizarte digitalean ondo aritzeko. Beraz, bideo hau oso lagungarria izan da
kurtsoan zehar ikasitakoak errepasatu, berriro pentsatu eta ezagutza berriak eskuratzeko.

								
To top