Gesala
Poesia
Kristaldu nazazu atzo
Anakronismoa
Azken kapituluak lehenengoan amaitzen dira.
Egunsentiak konposatzen ez dituzten lamiei
Kaioen hegalditan
ezikusitako begiradek
izan ez ziren maitaleei
eskutitzak.
Gaur abestia naiz
eta emakumeak ditut gustuko.
Bihar
gesala.
Denboraren garraztasunari buruz
Antzoki zaharrean
mimika inprobisatua
metafisikaren amildegietan
erauzi egiten da.
(Zen).
Kristalezko musuak atxilotu zenituen
ganbarako musika-kutxan.
Kristalezko musuak,
ezikusitako begiradak,
hodeien anatomia.
Portzelanazko dantzariari burua moztu diote.
Kristalezko musuak atxilotu zenituen
ganbarako musika-kutxan.
(Zergatik marrazten ote dituzte, ametsek,
burudun dantzariak?
Beharbada…)
Ispiluan gorputzak, mugimenduan, aurkitzeko.
Antzoki zaharrean, mimika inprobisatua
ez da metafisikaren amildegietan eraunzten.
Antzoki zaharrean ispiluek dantzariak erailtzen dituzte
kristalezko musu baten truke.
Antzoki zaharrean bururik gabeko dantzariak
denboraren konpasera biluzten dira,
orratzen balleta ispiluetan atzamarkatuz.
Kristaldu nazazu atzo.
Metafisikaren amildegiak
Tintazko gutizia urrian oheratu zen jakinduriarekin.
Heiagora idatzien jostorratzak,
ilbeheran urtutako errealitateak
asmatu zituzten maindireak.
Hitz etzanez laztandu ziren,
filosofiaren balioa
ziurtasun ezan bilatzen dutenek
noizbait amesten badute.
Baieztapenen harrobietan
galdera ikurrek ironia ahaikatzen dute.
Ironia.
Garagardoaren aparrean komak itotzen ditu metafisikak.
Itzalak dira bizirik mantentzen nautenak.
Trantze liriko bi
Si bemolak urmargoak suizidarazten dituela,
gezurrak oroitzapen ahoskatzen dituela,
gabeziak errutina-kontalarietan ehorzten dituela.
Si bemolak euria faltsutzen duela.
Si bemolak taupadak izozten dituela.
Si bemolak,
intzigar.
Galdatu daitezen gauak.
Kometak lapurtzen dituzten minbiziek
galdatu dezaten gaua.
Artearen minbizia: kristala
Lerro zuzenek
(gautxorien olerkietan
mozkortzen diren
metafora sengabeak)
kristala dute helburu.
Kontraesan batek,
pianista batek,
kontraesan baten pianistak,
edo pianista baten kontraesanak
halabeharra ezarri zuen lege.
Testuinguruaren deuseztapena,
perspektibismoaren ahotsen kadentzian,
erruduna da (eta agintari).
Pintzelak irakurtzen ditudanean
portzelanazko burua mozteko beharra
sentitzen dut.
Pintzelak irakurtzen ditudanean
kristala dut helburu.
Errautsetara bidaia
Gogoan dut bisutsa.
Gogoan dut, ezusteko dantzaldien bilduman,
gutunak ebatsi zizkigun haizearen usaina.
Gogoan dut kea eta kaligrafia.
Gogoan dut, oraindik ere, kristalak kolorerik ez duela.
Musuek kolorerik ez zutela.
Gogoan dut bisutsa.
Hitzen garabiak si bemolak nahastu zituen kafean,
metafisikaren amildegietatik behera
bota zuen
bere burua.
Eta letrak ahaztu ditut, letrak.
Gogoan dut bisutsa.
Gogoan dut, ezusteko dantzaldien bilduman,
gutunak ebatsi zizkigun haizearen usaina.
Gogoan dut kea eta kaligrafia.
Gogoan dut, oraindik ere, kristalak kolorerik ez duela.
Musuek kolorerik ez zutela.
Eta letrak ahaztu ditut, letrak.
Idazmakinaren kristalezko azken musuan.
Bihozkadak
Egun hartan ez genuen dantzarik egin;
ez guk, ez antzoki zaharrak,
ez portzelanazko burua galdu zuen dantzariak,
ez kristalak eta ez ohe azpiko sonatak.
Bisutsak bai, izkinak hoztu zituen.
Euritakoen azpian iragazten ziren
akordeoiak.
Eta bihozkadak erritmoan,
bustitako soinekoen zimurduran,
istiletako uhinetan.
Euria ari zuen antzoki zaharrean, eta si bemolak euria faltsutu zuen.
Izena da izana?
Zer da izena
eta zer da izana
eta ea izena
den izana.
Fantasiak, arrazoiaz haratago,
ezinezkoak ekoizten ditu.
Izana da izena.
Gustuko ditut ezinezkoak
… ezinezkotan sinesten ez dudalako.
Kristalezko etika: ezereza
Tximeleten hegaletan
iskilinbek
algara.
Ahazten gaituzte.
Eta guk,
semantikarik gabeko ahapalditan,
hiatoak bortxatzen ditugu.
Kafeak tinta itxuragabetu zuen.
Isuri nazazu,
tinta.
Epaiketak kaleidoskopiotan
egin daitezen.
Zerbait dakitela dakitenek zerbait dakitela uste dute
Hitz pare baten antzezpenean
bilatzen dute
(zerbait dakitela dakitenek)
errealitatea.
Existentzialitatea ez da islapena.
Islapena da existentzialitatea.
Islatzeko gai den oro da erreala.
Eta zeharkatzea dela auzia.
Eta kliskatzea dela auzia.
Eta kasualitatea izan nahiko genuen guztiok
kristalezko mugimenduak iluntzearen hatsetan
geldiaraztea
dela
auzia.
Auzi
bakarra
dela.
Ispilutan,
marea lausotzen denetan,
opakutasuna.
Der Wille zur Macht
Euria eten-puntutan agurtu nuen
ez atzo, bihar herenegun.
Euria eten-puntutan agurtu nuen
errutina-kontalariak bultzatuta.
Aholkuen kontrako manifestua
Izan ere, bizitza aholkuen desfile zimela baino ez da.
Aholkuak ez dira gomendioak.
Eta aholkuek, batzuetan,
izenak izan bihurtzen dituzte.
Anakronismoa
Lehenengo kapituluak azkenekoan hasten dira.